TOLOGORRI- ORDUÑA
Pattuek..Naiara ta Abetto.
2013 urteko lehenengo irteera Gandiaga neba-arreben eskutik etorri zitzaigun. Eguraldi kaskarra tarteko igandera atzeratu zen Orduña inguruko bazterretara bisita. Halaxe elkartu eta abiatu ginen hogeita bat lagun Lendoño goitik Tolgorriko tontor dotorera.
Basoa zeharkatu “senda negra” hartu eta konturatu giñen inguruak zurituta zeudela eta galtza motzak gaurkoan hobeto etxien!!.
Hala, gaina hartu orduko zer eta, elurra goitik behera zela babes bila joan behar izan ginen txaboletara bertan zerabait jateko gogoz.
Hantxe tripa beteta beherantz jotzeko zalantzarik izan arren, azkenean aldez aurretik prestatutakoa egitera ausartu ginen. Eta benetan merezi izan zuen.
Gorobel mendikatea zeharkatzeak berezko edertasuna baldin badu, haize hotzak, lainoek, eguzki izpiek eta elur zuriak, bestelako mendiaren aurpegi zoragarria erakutsi ziguten. Eta lagun arteko mementuak plazer bilakatu…
Pozik iritsi ginen gainez gain Txarlazoraino eta handik Orduña lotzen zuen aspaldiko mando bideari heldu genion. Bizpairu jira buelta eman eta magalean leunki Lendoño aldera ateratzen zen pistan barrena kotxeetaraino heldu ginen solasaldi arinean… Latza egune!!!